DHL Express enpresak Gasteizko aireportua aukeratu du Europan duen hegazkinak konpontzeko bigarren zentrorik garrantzitsuena eraikitzeko.

Paketeriako garraio espresaren Alemaniako enpresa erraldoiak iragarri du Gasteizen inbertituko duela hegazkinak konpontzeko hangar berri bat sortzeko Europan. 2027. urtearen erdialdean abian jartzea aurreikusten den instalazio berriak 40 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izango du, eta Gasteizko aireportuaren garrantzia sendotuko du operadorearen munduko estrategiaren barruan. Izan ere, DHL Express konpainiak Europako eskualdeko bigarren konponketa-zentrorik garrantzitsuena eraikitzeko tokirik egokiena dela jo du, Leipzig-en, Alemanian, kokatutako konponketa-zentro nagusiaren ondoren.

Horren harira, Tomás Holgado-k, DHL Express España enpresako Hubs & Gateways arloko presidenteordeak, honako hau adierazi du: Gasteiz Europako herrialdeetatik zein Marokotik hurbil egoteak, Gasteizko aireportuaren ahalmenak eta kalitate operatiboak, eta tokiko erakunde publiko eta agintari nagusiengandik jaso dugun babesak hangar berri hau eraikitzeko kokaleku ezin hobea bihurtu dute”.

Zentroa mantentze-lanak egiteko planifikatuta dago. Hasiera batean, DHL konpainiako B757 flotarako edo beste aireontzi batzuetarako izango da eta, hangarraz gain, bulegoetarako eta pieza aeronautikoak aldatzeko tresnak eta ekipo nagusiak biltegiratzeko guneak izango ditu, hala nola motorrak, APU sistemak, lurreratze-trenak edo bultzatze-alderantzikagailuak. 19.700 m² baino gehiagoko azalera izango du: 6.600 m²-ko azalera hangarrerako, 1.605 m²-ko azalera
kanpoko instalazioetarako eta 11.500 m²-ko azalera plataformarako (pistarako).

Zentroa abian jartzeak bultzada handia emango dio tokiko talentuaren garapenari eta aireontzien mantentze-lan teknikoekin lotutako jarduera profesionaletarako goi-mailako kualifikazioko prestakuntza-ziklo berri bat sortzea eragingo du.