ARABA DESKUBRITZEKO

Nerbioi ur-jauziak 222 metroko garaiera du, eta Iberiar Penintsulako altuena da

Gure lurraldea

Araba da Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetatik zabalena eta aniztasun handienekoa. Edertasuna darie bertako mendilerroei, mendi handientsuei eta haranei, baita iturburuz eta ibaiz betetako baso liluragarriei ere.

Arabako Parke Teknologikoko berdeguneak mantentzeko ekoartzaintza erabiltzea ekimen aitzindaria izan zen Estatuan

Garapen orekatua

Arabaren garapen ekonomiko handia haren biodibertsitatea eta ekosistemak kontserbatzeko eta lehengoratzeko ingurumen-kudeaketa egokiarekin uztartu da.

Arabako lurraldearen % 57 Paisaia Bikain edo Berezi ingurumen-izenpdapena du

Babestutako natura

Araba erdia baino gehiago babestutako eremuek osatzen dute. Haren gainazalaren % 28,2 Natura 2000 Europako Sarearen barruan dago.

Aramaioko paisaiaren edertasunari «Suitza txikia» esan izan zaio

Askotariko eta pribilegiozko natura

Euskal Autonomia Erkidegoan habitaten eta animalia- eta landare-espezieen aniztasun handiena duen lurraldea da Araba.

Errioxako Ardoaren eta Mahastien Kultur Paisaiak Monumentu Multzo izendapena du

Arabar Errioxa

Eskualde honetako ardoak munduko jatetxerik onenetan daude. Arabako Errioxa bisitatzea bizipen ahaztezina da. Paisaiak, ondareak eta enoturismo- eta gastronomia-eskaintza handiak sentsazioen mundu propioa dakarkigute.

Añanako Gatz Haranaren paisaia, milaka urtez gatza lantzearen emaitza, bakarra da munduan

Gatz Harana

Munduko Nekazaritza Ondarearen parte izan den Europako lehen paisaia da. Gesaltza Añanan dago, eta 6.500 urte dira bertan gatza ekoizten hasi zela. Gaur egun, goi-mailako sukaldaritzak gehien baloratzen duenetako bat da.

Aiaraldean bat egiten dute ondare historiko garrantzitsuak, txakolinaren –euskal kantauriar haranetan landatutako ardo goxoaren– ibilbideak, eta, besteak beste, Maroñoko urtegiko eta Gorobel mendilerroko paraje bikainek

Aiarako bailara

Ondare historiko garrantzitsua biltzen du, gastronomia bikaina –txakolin ardoaren ibilbidearekin eta gaztandegi ezagunekin– eta paisaia berezi ikusgarriak, hala nola Maroñoko urtegia, Gorobel mendilerroa eta Nerbioi jauzia.

Uribarri Ganboako herriak izena ematen dio Zadorrako urtegi nagusietako bati

Ibilbide berdeen sarea

Esperientzia ahaztezina da Araba Ibilbide Berdeen Sarearen bidez ezagutzea. Mila kilometrotik gora dute mendi-ibiliak egiteko eta bizikletaz paseatzeko berreskuratutako bideek.

Andre Mari Zuriaren plaza, hiriaren erdigune nagusia

Gasteiz, ezkutuko harribitxia

Gasteiz (255.000 biztanle) tamaina ertaineko hiri europarraren eredu idealetik hurbil dago. Hiriburu atsegina eta erosoa da, bizitzeko diseinatua, bere presentzia orekatuagatik, bere ezkutuko xarmengatik, bere zerbitzuen irisgarritasun eta kalitateagatik harritzen duena. Gasteiz, oharkabean seduzitzen duen hiria.

Santa Maria Katedralak gotorleku gisa izandako jatorria ageri du kanpoaldean, eta arkitektura mistikoa barnealdean. Ken Follet idazlea katedral honetan oinarritu zen «World Without End» idazteko, «The Pillars of The Earth» mundu-mailako best-sellerraren bigarren zatia

Erdi Aroko Gasteiz

Hiriaren bihotza: Erdi Aroko hiriguneak hiru «Europa Nostra» sari irabazi ditu; EBko Kultura Ondarearen sari nagusia da hori. Ogiba-arku formako trazadura berezi batek kale sare bat ehuntzen du, XIII. mendearen hasieratik eta hainbat mendetan hiri eder eta oparo honen eguneroko erritmoa markatzen zutenak.

Florida parkeak (XIX. mendea) estilo erromantikoko lorategi multzo bat du, munduko hainbat bazterretako zuhaitz espezieekin, gehienak 1855eko Parisko Erakusketa Unibertsalean eskuratuak

Gasteiz erromantikoa

Hiriko zabalgune erromantikoak, oinezkoentzako kaleekin, saltokiekin, plazekin eta lorategiekin, ibilaldi oroigarriak egitera gonbidatzen gaitu. Merezi du Sendako Ibilbidetik, XX. mende hasierako etxetzarren ondoan, XII. mendeko Armentiako San Prudentzio Basilikako tenplu erromaniko ederreraino joatea.

Ataria eraikinak Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroa du, Eraztun Berdearen barruan

Gasteiz moderno eta berdea

Hiri modernoaren hazkundea eredugarria izan da. Hirigintza-plangintzako eredu horren ezaugarriak gizarte-kohesioko irizpideak eta ingurumen-konpromiso handia dira, eta nazioarteko aintzatespenak jaso ditu, hala nola European Green Capital eta Global Green City Award.