ENPRESA GLOBALEN EKOIZPEN-ZENTRO GARRANTZITSUAK

Mercedes-Benz

Espainian ekoizten den gama handieneko ibilgailua Mercedes-Benz enpresak egiten du Araban.

Instalazio honek urtean 150.000 ibilgailu baino gehiago fabrikatzeko ahalmena du. Araban duen presentziak zuzeneko 5.000 lanpostu ingururen jarduerari laguntzen dio. Lau modelo egiten ditu, horietako bi elektrikoak. Vito eta eVito ibilgailu komertzialek Vitoria-Gasteiz hiriari zor diote izena. V klasea eta EQV ibilgailu elektrikoa gama altuko turismoak dira.

Aernnova

Bi segundotik behin, euskal enpresa honen produktuekin egindako hegazkin bat aireratzen edo lurreratzen da munduan.

Aernnova euskal enpresa multinazionala da, eta egoitza nagusia Araban du. Liderra da aeroegituren diseinuan eta produkzioan. Egitura aeronautikoen hornitzaile gisa duen zeregin garrantzitsuari esker, Espainiako Tier 1 konpainia nagusia da, eta munduko hamargarrena.

Michelin

Michelinek Araban du Europako bere industria-zentrorik handiena,
430.000 m2-koa.

Vitoria-Gasteizen dago 1966tik, non 3.500 pertsona inguruk goi teknologiako 195.000 tona pneumatiko fabrikatzen dituzten. Araiako zentro logistiko handiak, Arabako Lautadan, 80.000 m2 ditu, 1,8 milioi pneumatiko bil ditzake eta 15 milioi pneumatiko banatzen ditu urtean.

Talgo

Arabako Rivabellosan duen lantegian goi teknologiako trenen autoak eraikitzen dira hainbat kontinentetako herrialdeetarako.

Arabako lantegi honetan munduko abiadura handiko trenik arinena egiten da, Talgo Avril, 600 bidaiari baino gehiago garraiatzeko gai dena 330 km/h-ko abiaduran. Ekoizpen-zentro horretan, «Talgo Vittal One» hidrogeno berriztagarrizko tren modeloa ere garatzen ari dira. Munduko lehen hidrogeno eta elektrizitate tren duala izango da.

Tubacex

Altzairu herdoilgaitzezko soldadurarik gabeko hodien fabrikazioan munduko lider handiak Laudion du egoitza nagusia.

Tubacex talde multinazionala da, 1963an sortua, altzairu herdoilgaitzezko eta aleazio handiko soluzio tubularrak (hodiak eta osagarriak) hornitzen liderra. Multinazional honek ekoizpen-zentroak ditu Espainian, Austrian, Estatu Batuetan, Italian, Indian eta Thailandian (baita Norvegian, Saudi Arabian, Dubain, Kanadan eta Singapurren ere, NTS taldearen bitartez); era berean, mundu-mailako zerbitzu-zentroak ditu, eta presentzia komertziala 38 herrialdetan.

Tubos Reunidos

Haren produktuak, 5 kontinenteetan daudenak, 700 altzairu motatan baino gehiagotan fabrikatzen dira.

Tubos Reunidos, S.A. 1968an sortu zen Amurrion. Konpainia handi honek karbono-soldadurarik gabeko altzairuzko hodiak hornitzen ditu globalki, aleatuak, oso aleatuak eta herdoilgaitzak. Taldea 100 herrialde baino gehiagotan dago, eta kontsumo-merkatu handienetan eta hazkunde handieneko merkatuetan sartuta dago.

Vidrala

Urtean 8.000 milioi beirazko ontzi baino gehiago ekoizten ditu.

1965ean Laudion sortu zenetik, konpainiak hazkunde handia izan du, eta produktu burutua fabrikatzeko eta kontrolatzeko azken garapen teknologikoak sartu ditu bere instalazioetan, sektorean erreferente bihurtu dutenak.

PepsiCo

Arabako botilaratze-instalaziok kontinenteko lata-lerrorik azkarrena du (120.000 lata/h).

PepsiCo enpresak Europan duen botilaratze-plantarik handiena du Arabako Etxabarri Ibiña herrian. Era berean, Arabako Parke Teknologikoan dago haren hub digitalaren mundu mailako lantaldearen zati handi bat eta Europako hego-mendebalderako zerbitzu-zentro espezializatua.

Rioja Alavesa

Arabako Errioxako ardoak munduko jatetxerik onenetan daude.

13.500 hektareako mahastiak eta 250 upategi botilaratzaile baino gehixeago ditu Arabako Errioxako mahastizaintza– eta ardogintza-sektoreak, eta dinamikoenetako bat da Europako ardogintzan. Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua duten ardo bikainek munduko merkaturik zorrotzenak liluratzen dituzte, kalitatearen aldeko apustua eginda.

DHL

Haren kokapen estrategikoagatik, express garraioaren munduko enpresa liderrak Espainia, Portugal eta Frantziako hegoalderako aireko konexioaren nodoa dauka Gasteizko Nazioarteko Aireportuan.

1995az geroztik, orain dela gutxi egindako inbertsioei eta terminala handitzeari esker, 18.000 pieza prozesa ditzake automatikoki orduan, eta, horrenbestez, aireportuan duen operazio-zentroa Europako hegoaldeko onena eta modernoena da.