Basque Automotive Manufacture Centerrek (BAM) bere garapena azkartu du, 2025eko udan lanean egoteko helburuarekin 

Fabrikazio aurreratuko zentro horren egoitza 11.000 m2 -ko lurzati batean egongo da, Jundizko enpresa-parkeko CTVi delakoan, Vitoria-Gasteizen. Eraikina eraikitzeko lizitazioan eskaintzak aurkezteko epea agortuta dago dagoeneko, eta obrak 2025aren erdialderako amaituta egotea espero da. 

Automobilgintzako Fabrikazio Aurreratuko Teknologiak Garatzeko Euskal Zentroak –Basque Automotive Manufacturing Center (BAM)– automobilgintzaren alorreko erreferentziazko zentroa izan nahi du Estatuan eta Europan, I+G sustatuz eta ekimen teknologiko espezifikoak gidatuz, merkatutik eta aurreprodukziotik oso hurbil daudenak, ibilgailu elektrikoaren fabrikazio-prozesuan aplikatzeko. Ikerketa-jarduera horrek honako helburu hauek ditu:

Ezagutza aurreratua garatzea lotura-teknologietan (termikoa, mekanikoa, laser bidezkoa eta itsasgarria), logistikakoetan eta ikusmenezkoetan (fabrikazio malgua 4.0), estalduretan (zigilatzea eta argizariak) eta auto elektrikoaren kalitatean. Teknologia anitzeko produktu konplexuetarako fabrika malgu eta adimendunaren kontzeptua garatzea.

Teknologia digitalen analisia eta garapena (AA, digital twins, ikusmen artifiziala, etab.), eta horiek fabrikazio-teknologiekin bateratzea, etorkizuneko ibilgailuaren esparruan.

Laborategi-eskalan garatutako ezagutza probatzea eta baliozkotzea. Ikerketa-prozesua berriz elikatzeko eta lortutako emaitzak optimizatzeko beharrezko datuak lortzea.


Lankidetza publiko-pribatuko ekimen horren hasierako bultzatzaileen artean Mercedes-Benz, Gestamp eta MB Sistemas de Corporación Mondragón daude. Mercedes-Benzi dagokionez, BAMen asmoa da ibilgailu elektrikoak industrializatzeko VAN.EA plataforma elektriko berriaren I+G izatea, Gasteizko lantegian. Plataforma hori ezartzeak ehunka milioi euroko inbertsioa ekarriko du.