Mercedes-Benz Vitoriak 70 urte bete ditu lantegia eraldatzeko prozesu betean, VAN.EA plataforma elektriko berria martxan jartzeko

1954ko martxoaren 20an atera zen fabrika horretako lehen ibilgailua, DKW F 89-L modelokoa. Ia artisautzako fabrikazioa egiten zuen tailer hura Euskadiko industriarik handiena da gaur egun, eta urrats handiz egiten ari da aurrera, 4.0 fabrika malguko eredu berrian, VAN.EA. plataforman, ibilgailu elektrikoak ekoizteko xedez. Eraldaketa horrek milioi askoko inbertsio handia dakar, Greenproduction 2022-2030 proiektuaren barruan.

Zazpi hamarkadako ibilbidea, etengabe hobetzeko grinarekin

Hasieran, ekoizteko gaitasuna urtean ehunka ibilgailukoa zen; gaur egun, berriz, 700 ibilgailu egiten dira egunean. Instalazioek 11.300 m2 zituzten hasieran, eta 700.000 m2 orain. Hazkunde geldiezina, mugarri garrantzitsuak lortzea ekarri duena, zenbait erronka eta merkatu-egoera txar gaindituta. 

1963an, DKW F 1000-L modeloa fabrikatzeko lehen mundu-esklusiba lortu zuen. 

1995ean, Vito modeloa fabrikatzen hasi zen, eta, urtebete geroago, Clase V modeloa. Mugarri historiko garrantzitsu horri esker, Van of The Year aitortza eskuratu zuen 1996an, eta 2006an berriz izan zuen lorpen arrakastatsu hori.

XXI. mendearen hasieran, Gasteizko plantan erabateko iraultza izan zen, azalera bikoiztu zuen eta. 775 milioi euroko inbertsioei eta azken aurrerapen teknologikoei esker, abangoardiako lantegia da orain.   

2011n, etorkizun hurbilari aurrea hartu zion, E-Cell modeloa fabrikatuz, munduan seriean fabrikatutako lehen ibilgailu komertzial elektrikoa.

Gaur egun, Mercedes-Benzeko VAN.EA plataforma berriak, Basquevolt eta Basque Automotive Manufacture Centerrekin batera, adierazten du Arabako automobilgintzako ekosistemak posizionamendu sendoa duela mugikortasunaren paradigma industrial berrian.