TECNALIA karbonoan neutroa izango da 2030erako

TECNALIAk zibersegurtasuna ebaluatzeko laborategi handia jarri du martxan, eta, hala, bi hamarkadako aurrea hartu die Europak sektore elektrikoan dituen eskakizunei.

Ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko TECNALIA zentroak 25 urte baino gehiago daramatza lanean enpresei Karbono Aztarna gutxitzen laguntzeko. Orain, beste urrats bat egin du misio horretan. Izan ere, bere Deskarbonizazio Estrategia abiarazi du, eta, horri esker, bere jarduera zuzena karbonoan neutroa izatea lortuko du 2024rako, eta lorpen hori hornidura-katera zabalduko du 2030erako.

Agustín Sáenz, TECNALIAko Merkatu, Estrategia eta Teknologia zuzendariaren esanetan, “erantzunkidetasun- eta eredugarritasun-ariketa da, neutraltasun klimatikoa lortzeko anbizioari aurrea hartzen baitio, Europar Batasunak 2050ean ezarritako horizontea baino bi hamarkada lehenago” 

Deskarbonizazio Estrategia horren oinarrian dagoen Bide Orriak deskarbonizazio-prozesu osoa hartzen du kontuan: emisioen kalkulu automatizatua egitea prozesu hori digitalizatuz, zientzian oinarritutako murrizketa-helburuak ezartzea, efizientzia energetikoa hobetzea, baliabideak adimenez erabiltzea eta energia-sistema jasangarriak inplementatzea (prozesuetatik instalazioetara eta bere lantaldarekiko eta hornitzaileekiko harremanera). Hartara, Ingurumen Kudeaketako Sistema bat du, klima-aldaketaren inpaktua kontrolatu, aurreikusi eta gutxitzeko prozesu zehatzekin.

Inpaktu hirukoitza –ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa– izango duen bide-orri horrek, gainera, aukera emango du TECNALIAk enpresa eta antolakundeei laguntzen jarraitzeko, beren deskarbonizazio-prozesuak egin ditzaten, egiaztatutako metodologiarekin eta irtenbide teknologiko berritzaileekin.

Gehitutako neurriei esker, TECNALIAK % 37 gutxitu ditu lehen irismeneko emisioak 2019tik (Europar Batasunaren erreferentziazko urtea neurketetarako), eta bigarren irismenari dagokionez, berriz, neutroa da 2022ko urtarriletik, kontsumitutako argindar guztiaren jatorria berriztagarria baita.