Hamar urtean besterik ez, CIC energiGUNE egoera solidoko baterietan Europako hiru ikerketa-zentro garrantzitsuenetako bat bihurtu da.

Sortu zenetik 10 urte igaro ondoren, irabazi-asmorik gabeko fundazio pribatu hau –Arabako Parke Teknologikoan dagoena– energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzeko Europako ikerketa-zentroen Top 3an kokatuta dago, eta Top 1ean dago elektrolito polimerikoa duten bateriei buruzko argitalpenetan. 2021ean 113 argitalpenera iritsi da, eta 700 argitalpen baino gehiago ditu bere ibilbidean.

Stanfordeko Unibertsitateko ranking ospetsuaren arabera, zentro horretako lau ikertzaile munduko eraginkorrenen artean daude, eta Michel Armand zientzialaria Espainiako Energiako ikertzaile garrantzitsuena eta munduko rankingeko zazpigarrena da. Era berean, 2022ko txostenean, erakunde akademikoen eta ikerketarekin lotutako erakundeen sailkapena ematen duen SCImago rankingak CIC energiGUNE lidergo-posizio nabarmenean kokatzen du bere espezializazio-esparruetan, planetako bigarren zentrorik garrantzitsuena baita energiaren arloan, eta hirugarrena kimikaren arloan.

Bere ibilbidearen balantzean, CIC energiGUNEk 239 I+G proiektutan parte hartu du, horietatik erdiak baino gehiago europarrak, eta ehundik gora transferentzia proiektu garatu ditu industriarekin lankidetzan.

Azken erronken artean, nabarmentzekoa da 2018an merkaturatu zuela lehen spin-off-a, BCARE, baterien arloko produktuen eta zerbitzuen eskaintzan kokapen nabarmena duena, eta bigarren spin-off-a, Basquevolt, Euskadin egoera solidoko gelaxken gigafaktoria bat abian jartzeko. Testuinguru horretan kokatzen da, halaber, hidrogeno berdera bideratutako eremu bat bultzatzeko erabaki estrategikoa, CIC energiGUNE teknologia horren garapenaren abangoardiako taldean jarriko duena maila guztietan.